2012/01/31

Touché Amoré-ren hardcore zintzo eta arina

Julen BIGURI



Touché Amoré AEBko mendebaldeko kostatik arin baina zintzotasunez etorri zaizkigu, hardcore punkaren indar guztiarekin alegia. Badirudi, gainera, ROCKZONE aldizkariko azalean agertu zirenetik indar gehiagorekin datoztela. Izan ere, askoren aburuz 2011ko artelanen artean onenetarikoa da Parting the Sea Between Brightness and Me albuma. Gaur egungo hardcore  amerikanoaren eszenan erreferentzia bilakatu direla argi daukagu behintzat.


Rise Againsten antza dute, era batean edo bestean, eta haiekin ibiliko dira hurrengo bi hilabetetan europako tourean. Hala ere, punk musika alde batera uzten dute askotan screamora jotzeko. Gainera, haien erreferentzien artean Converge eta Raein screamo taldeak agertzen dira behin eta berriro.


Kaliforniarren bigarren diskari pegarik bilatu behar bazaio, iraupena da aurki dezakegun bakarra. Alde batetik, abestien laburtasunak taldearen indarra eta arintasuna definitzen du, baina, bestetik, 20 minutu luzeko diskaz gozatu ostean, gosez geratzen da entzulea.

2012/01/24

B-Flat: Rock 'n' rollaren salbatzaileak?

Julen BIGURI


Rock 'n' rolla hilda dagoela Euskal Herrian? Itxoin, eta emaiezu denboratxo bat B-Flat taldeari. Izan ere, gogor hasi dira Bilbotarrak jazza eta rock 'n' rolla nahasten. Sortu zenetik urte bat ez da pasa eta jadanik Banden Lehiaren finalera heldu eta maketa grabatu dute.

(Argazki guztiak Jone Aurtenetxek ateratakoak dira)

Baina zergatik dira promesak gazte hauek? Rock 'n' roll arima daukatelako, noski. Taldearen Twiterrean agertzen denaren arabera, "kritikarien ustetan historia osoko rock 'n' roll talderik onena" omen dira. Kontzetuetan, gainera, umiltasuna erakusten saiatzen dira honelako esaldiekin: "B-Flat gara eta patuak rock 'n' rolla salbatzeko batu gaitu". Dudarik gabe, Liam Gallagherren eragina hor nonbait dago.


Abestiei dagokionez, "Sunny Days", "New York" eta "Come on" dira aipagarrienak. Lehena, abesti alaia da, printzipioz, udako egunen batean kantetan ibiltzeko aproposa. Hala ere, sexuari, drogei eta rock 'n' rollari eginiko oda bat dugu akorde eguzkitsu horien atzean. "Come on", ordea, taldearen handitasun nahia begi bistan uzten du, eta gogor entzuten dugu rock 'n' rollari, gutxienez, urte batzuk geratzen zaizkiola.


2012/01/23

Heima: Islandia, Sigur Rósen eskutik


Egoitz INGUNZA

Azkenaldian ezin izan dut sarrera berririk idatzi, arrazoi ezberdinak direla eta. Baina, hainbat astez bloga Biguriren monopolio bihurtu ostean, hemen naiz berriro ere. Gaurkoan gainera, ez dut musika talde bati buruz idatziko zuzenan. Sarrera honetan, Heima dokumentalari buruz arituko gara.

Heima (etxea islandieraz) 2007an argitaratutako dokumentala dugu. Bertan, Sigur Rós post-rock taldeak bere sorterria den Islandiar zehar egindako biraren gorabeherak azaltzen ditu. Dean DeBloise kanadiarrak zuzentzen du filma.

2006ko uda da eta Sigur Rós taldeak Takk... diskoa aurkeztuz egin duen mundu bira luzeari amaiera eman nahi dio Islandian. Horretarako, taldeak zortzi kontzertu emango ditu bere sorterrian, guztiak dohainekoak. Kontzertu gehienak herri txikietan dira, ohikoak ez diren tokietan, arrantza-fabrika abandonatu batean, adibidez.

Filma aurrera doan heinean konturatzen gara Sigur Rós eta bere kontzertuak oso garrantzitsuak direla Islandia bezalako aberri txiki batentzat. Jende asko hurbiltzen da eurak ikustera. Taldea ikusteko parada aitzakiatzat hartuta, lagunekin eta familiarekin batzeko bilgune bihurtzen dira Sigur Rósen kontzertuak.

Musikaz aparte, Islandiaren egoera nola ikusten duten azaltzen dute taldeko kideek. Oso ezezaguna zaigun herrialdea da, eta ipar Europako herrialde asko bezala ongizatearen paradigmatzat hartzen dugu, eta mitifikatzen dugu. Baina, Heimak benetako Islandia azaltzen saiatzen da. Azaltzen, eta salatzen. Landa-guneak guztiz hutsik, industria abandonatuak, garai hobeak bizitako tokiak agian.


Ekologismo kutsua ere badu dokumentalak. Aurrerakuntzaren izenean gune naturalen suntsipena  salatzen baitu. Hori delitua ez bada, izan beharko luke. Hare gehiago Islandian, munduko argazki natural politenetarikoak dituen aberrian. Heimak guzti hori erakusten du, Sigur Rósen abestiak erabiliz. Islandiaren soinu banda, alegia.

Filmatua izan den patxada eta lasaitasunez ikusteko dokumentala da Heima. Begiek, belarriek eta arimak gozatzeko.


Hemen duzue dokumentalean agertzen den abestietako bat, Untitled #1 (a.k.a Vaka). Taldeak duen abestirik ederrena ez bada, gertu dago. Zuzenean, bertsio akustikoan, urtegi baten eraikuntzaren kontra egindako protesta-kontzertu batean.





2012/01/21

A Flash Flood of Colour: politikoen kontrako post-hardcorea

Julen BIGURI


Diska berria argitaratu du Enter Shikari-k: A Flash Flood Of Colour. Bost urte daramate ingelesak post-hardcore elektronikoarekin 2007an haien lehen diska atera zutenetik (Take to the Skies). Ibilbide nahiko argia izan dute hasieratik, urteak joan ahala elektronikorantz gehiago jo baitute, brometarako eta jaietarako gogorik galdu gabe. Gainera, azken diska honetan post-hardcorea gutxiago landu dute.


Hala ere, bitxia da ingelesek albumean bideratu duten ikuspuntua: politikaren kontrako aldarrikapenez beteta. Roughton "Rou" Reynolds-en hitzetan, "politikari  bizkarra emateko garaia iritsi da, teknologia berriekin mundu askoz hobea lortu dezakegu". NME aldizkariak egindako elkarrizketa batean, adibidez, Rouk Aldous Huxley-ren Brave New World (1932) nobelaren fikzioarekin txantxetan aritzen da, errealitatearen eta fikzioaren mugarekin gehiegi jolastuz.



Momentuz, diskak ez ditu kritika txarrik jaso, nahiz eta batzuk taldeko hasierako post-hardcore zaratatxua faltan bota. Pertsonalki, ez da diska txarra, baina lehen diskarekin konparatuz, ez dauka zerikusirik. "Sssnakepit" eta "Arguing with Termometers" kantek baino ez dute xarma pixka bat ene iritziz. Hala ere, musika elektronikoaren jarraitzaile sutsuek maitatuko dute album berri hau.

Oso interesgarria suertatuko zaizue albumaren making of-a taldearen jarraitzaile amorratuei:


2012/01/13

Tenerifeko punk-rock promesa

Julen BIGURI

Beste egunean Berri Txarrak-ren Haria-rekin antolatutako kontzertuak direla eta, norbaitek telonero horiek ea nortzuk ote ziren galdetu zuen. Orduan, sarreratxo bat egin behar zela bururatu zitzaidan. Hauxe da This Drama:




Tenerifetik datorren punk-rock gogorra da musikariek landutakoa, eta nahiz eta indie arrasto handirik ez izan, Pulled Apart By Horses-en hardcorea gogorarazten digu. 2010ean argitaratu zuten haien hirugarren diska: Tarantula Mata. Aurreko biek (We Rock, You Don't eta San Diego XIII) arrera ona izan bazuten ere, azkenengo album horrek erantzun paregabea jaso zuen bai kontzertuetan eta bai salmentetan ere.

This Drama, dudarik gabe, amerikako arima darama nota bakoitzean. Gainera, saturazio musikaleko garai hauetan musika aldetik ondo bereiztu dira This Dramako kideak; eta estetika aldetik aukera paregabeak egiten dituzte, bai bideoei eta bai merchandisingari begira. Nahiz eta orain arte internazionalki ondo ibili diren, beldurrik gabe esango dugu hemen Tenerifekoak promesa handia direla punk-rock munduan.



2012/01/12

The Dodos-en koloreak

Julen BIGURI


Talde bakoitzak kolore-sorta bat du, eta ez da sinestesiaren kontua, ez. Coldplay-ren diska bakoitzak ere kolore jakin batzuk ditu. Berdina gertatzen da The Dodos talde kaliforniarrarekin. Hala ere, kolore-sorta zabalenetarikoak lantzen dituzte akordez akorde musikariek. Izan ere, haien indie-rock folklorikoak pintzelkada txiki asko ditu.

2011an atera duten azken diskak (No color), ordea, kolore falta duela diote. Baina ez nago guztiz ados, kromatismoarekin jolasten baino ez dira ari; bereziki, beltza, grisa eta zuriarekin. Berotasuna islatzen da azken album honetan. Berotasuna eta morriña pixka bat ere.


Baina ez da azken diskak bakarrik gure arreta bereganatzen duena, baizik eta hasierarik, 2006tik egin duten jolasaren ibilbidea. Jolasa diogu, azken finean, Kandinsky-k udaberriarekin jolasten zuen moduan jolasten dutelako amerikarrak kantetan. Eta aldaketa hori albumen azaletan islatzen da argi eta garbi. Inozentziatik (naifen antzekoa aditu batzuentzat) profesionaltasun maila altura ailegatu dira The Dodoseko musikariak.

(2006ko Beware of the Maniacs diskaren azala)

(2008ko Visiter diskaren azala)

(2009ko Time to die diskaren azala)

Nik, Visiter diska gomendatzen dut, duda barik, baina No color eta Time to die artelan bikainak dira ere. Oparitzat hurrengo Original Skateboarding-ek aspaldi egindako bideoa uzten dugu, 2008ko diskatik ateratako "The Season" abestiarekin.

2012/01/07

2011eko gomendioa: Ainara LeGardon

Julen BIGURI

Atzean, izkiñan, poltsiko txikiren batean edo sorbaldan laga dugun azken urte honek bizipen asko utzi dizkigu, eta baita artelan zoragarriak ere. Orain, aldapa neketsu eta polit honetan, atzera egin nahiko nuke, eta 2011ko diskoren bat gomendatu. Ez da erreza, ez. Baina guztien artean hauxe da, barneko emozioz josita, sentipen gehien dakarrena niretzat: Ainara LeGardonen We once wished.


Urte askotan ibili da Ainara hortik hara; hemendik gutxi pasatuz. Eta gerizpetan musikarekin jolasten egon dela badirudi ere, gogor bueltatu da Euskal Herriko eszenatokira. PJ Harvey eta Audience-n arrastoak ditu Aloud disketxearekin argitaratutako azken diska honek. Albuma osatzeko Héctor Bardisaren laguntza  izan du, eta kolaborazioen artean Jason Victor (Willard Grant Conspiracy), Hannot Mintegia (Audience) eta Rubén Martínez (Tokyo Sex Destruccion) aurkitzen dira.


Diskako kanta guztiak barne-barnetik bideratutako emozioak askatzen ditu. Muzikaliak egin zion elkarrizketa batean azaltzen ditu abestien esanahiak. Ainararen baitatik barneratzen ditugu guk azkenean orbanez beteriko sentipen guzti horiek. Ez da harritzekoa, beraz, Ainarak zuzeneko gogorrak ematea, momentuan esan beharreko guztia esanez.


Kanta aipagarrienak "Before waking up" eta "Thirsty" dira. Lehena, zuzenekoetan entzun beharreko abestia da, ixilaldien gordintasunaz askoz gehiago gozatzeko.

Besterik gabe, hau da nire ustez 2011ko diska. Bere emozioen osotasunagatik, batez ere.