2012/01/23

Heima: Islandia, Sigur Rósen eskutik


Egoitz INGUNZA

Azkenaldian ezin izan dut sarrera berririk idatzi, arrazoi ezberdinak direla eta. Baina, hainbat astez bloga Biguriren monopolio bihurtu ostean, hemen naiz berriro ere. Gaurkoan gainera, ez dut musika talde bati buruz idatziko zuzenan. Sarrera honetan, Heima dokumentalari buruz arituko gara.

Heima (etxea islandieraz) 2007an argitaratutako dokumentala dugu. Bertan, Sigur Rós post-rock taldeak bere sorterria den Islandiar zehar egindako biraren gorabeherak azaltzen ditu. Dean DeBloise kanadiarrak zuzentzen du filma.

2006ko uda da eta Sigur Rós taldeak Takk... diskoa aurkeztuz egin duen mundu bira luzeari amaiera eman nahi dio Islandian. Horretarako, taldeak zortzi kontzertu emango ditu bere sorterrian, guztiak dohainekoak. Kontzertu gehienak herri txikietan dira, ohikoak ez diren tokietan, arrantza-fabrika abandonatu batean, adibidez.

Filma aurrera doan heinean konturatzen gara Sigur Rós eta bere kontzertuak oso garrantzitsuak direla Islandia bezalako aberri txiki batentzat. Jende asko hurbiltzen da eurak ikustera. Taldea ikusteko parada aitzakiatzat hartuta, lagunekin eta familiarekin batzeko bilgune bihurtzen dira Sigur Rósen kontzertuak.

Musikaz aparte, Islandiaren egoera nola ikusten duten azaltzen dute taldeko kideek. Oso ezezaguna zaigun herrialdea da, eta ipar Europako herrialde asko bezala ongizatearen paradigmatzat hartzen dugu, eta mitifikatzen dugu. Baina, Heimak benetako Islandia azaltzen saiatzen da. Azaltzen, eta salatzen. Landa-guneak guztiz hutsik, industria abandonatuak, garai hobeak bizitako tokiak agian.


Ekologismo kutsua ere badu dokumentalak. Aurrerakuntzaren izenean gune naturalen suntsipena  salatzen baitu. Hori delitua ez bada, izan beharko luke. Hare gehiago Islandian, munduko argazki natural politenetarikoak dituen aberrian. Heimak guzti hori erakusten du, Sigur Rósen abestiak erabiliz. Islandiaren soinu banda, alegia.

Filmatua izan den patxada eta lasaitasunez ikusteko dokumentala da Heima. Begiek, belarriek eta arimak gozatzeko.


Hemen duzue dokumentalean agertzen den abestietako bat, Untitled #1 (a.k.a Vaka). Taldeak duen abestirik ederrena ez bada, gertu dago. Zuzenean, bertsio akustikoan, urtegi baten eraikuntzaren kontra egindako protesta-kontzertu batean.





No hay comentarios:

Publicar un comentario