2012/01/31

Touché Amoré-ren hardcore zintzo eta arina

Julen BIGURI



Touché Amoré AEBko mendebaldeko kostatik arin baina zintzotasunez etorri zaizkigu, hardcore punkaren indar guztiarekin alegia. Badirudi, gainera, ROCKZONE aldizkariko azalean agertu zirenetik indar gehiagorekin datoztela. Izan ere, askoren aburuz 2011ko artelanen artean onenetarikoa da Parting the Sea Between Brightness and Me albuma. Gaur egungo hardcore  amerikanoaren eszenan erreferentzia bilakatu direla argi daukagu behintzat.


Rise Againsten antza dute, era batean edo bestean, eta haiekin ibiliko dira hurrengo bi hilabetetan europako tourean. Hala ere, punk musika alde batera uzten dute askotan screamora jotzeko. Gainera, haien erreferentzien artean Converge eta Raein screamo taldeak agertzen dira behin eta berriro.


Kaliforniarren bigarren diskari pegarik bilatu behar bazaio, iraupena da aurki dezakegun bakarra. Alde batetik, abestien laburtasunak taldearen indarra eta arintasuna definitzen du, baina, bestetik, 20 minutu luzeko diskaz gozatu ostean, gosez geratzen da entzulea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario