2011/12/22

7. artea: metalaren gorena

Julen BIGURI

7. artera bueltatzen gara gaurkoan, metalaren gorenera, hain zuzen ere. Gaurko lau taldeak  Estatu Batuetako metal komertzialaren barruan daude sartuta, eta seguruenik, ezagutuko dituzue. Hala ere, haien film zoragarriek leku bat behar zuten blog honetan.

Ikusi eta entzun, hauek dira metalaren gorenak:


Deftones talde estatubatuarraren "Minerva" kanta dugu lehena. Stephen Carpenterren akorde gogorrek, Chi Cheng-ren baxu erasokorrak eta Chino Morenoren ahotsak lortutako klimax luzea da Deftones (2003) album sarituaren hirugarren abestia.

Bideolipa Kaliforniako hegoaldean grabatu zen hare-ekaitz batean. Taldeko bateriak, Abe Cunninghamek, grabaziorik nazkagarriena izan zela aitortu zuen, baina emaitza ikusita, merezi izan zuela gau horretako hare-ekaitza jasatea.

Gu, bitartean, desertuko plano zoragarrien artean geratuko gara hegan egiten, Chino Morenoren ahotsak gidatzen gaituen artean.

Incubus taldea ere Kaliforniatik dator, haien bigarren diskarekin (S.C.I.E.N.C.E., 1997) argitaratu zen metal erasokorrarekin, "A certain shade of green", hain zuzen ere. Kultur aniztasunak daukan aberastasunaren adibidea da talde estatubatuarra, izan ere, lehenengo momentutik hasi ziren munduko soinu guztiekin nahastutako rock  eta metal alternatiboa sortzen.

Bideoklipa (hemen eskuragarri) drogen psikodeliarekin gizarteari egindako kritika izateko asmoa zutela adierazi zuen Brandom Boyd abeslariak. Emaitza, ordea, LSD gehiegi hartu ondoren, 2012ko apokalpsiaren berri ematen digun metal erasokorreko filma da.



KoЯn taldearen abesti famatuenetarikoaren bideoklipa dugu gaur aztergai: "Freak On A Leash". Follow the Leader (1998) diskarako egindako umeak agertzen dira filmaren animazioetan. Ondoren, bala bat gidatzen gaitu espazio ezberdinetatik. Bitartean, taldearen planoak txandakatzen dira.

Aipagarriena Jonathan Davis abeslariak egiten duen "slapping" modukoa da, James Shaffer baxujolearen slappingarekin nahastuta.


Azkenik, System of a Down taldeko abeslariaren kanta bat dugu: "Empty Walls". Serj Tankianek estatubatuarren inperialismoaren satira bikaina bideratzen du kanta eta bideoarekin. Umeek jolasak ez direla martxan jarri behar erakusten digu filmak.

Serj Tankianen eta umeen lehen planoak esanguratsuak dira, bai eta hainbeste koloreen trataera ona.

2011/12/20

Komiki musikalak!

Julen  BIGURI
Gaurkoan komikiak jorratuko ditugu, 9. artea hain zuzen ere. Komiki musikal asko badaude ere, bi nabarmendu eta gomendatuko ditugu: Mauro Entrialgoren Curiosidades del mundo del rock eta Manuel Bartualen ¡Escucha esto!.


Mauro Entrialgo 2003an kaleratu zuen bere komikia. Bertan, bere betiko irudi erraz baino landuetan rockaren inguruko parodia zoragarria egiten du. Musika munduan, bai industrian eta bai musikazaleen artean aurkitu ditzakegun bitxikeriak azaltzen dira liburuxka honetan. Gainera, Maurok, normalean egiten duen moduan, bere irudien antzeko umorea erabiltzen du, hasieran sinplea dirudiena, baina atzean lan handia dakarrena. Balorazioa: 8/10.


Manuel Bartualek, bestalde, umore landuagoa lantzen du musikaren egunerokotasunarekin jokatzen duen bitartean. Aro berri digitalak eta nostalgiak ere leku handia hartzen dute txisteetan. Nabarmentzekoa da Manuel Bartualek sortzen dituen diseinu eta maketazioak, artelan hutsak baitira. Marrazkiak, ordea, landuak badaude ere, Mauroren erraztasun horren modukoak dira. Balorazioa: 10/10.


Crazee Kids

 Asier KORTABARRIA

Gaur gomendio arraro batekin natorkizue, izan ere, talde edo abesti bat gomendatu beharrean beste blog bat gomendatuko dizuet, eta gainera iada oso gutxi aktualizatzen dena! Hala ere pena merezi du begirada bat ematea, izugarrizko bloga da eta! 

Blog-aren goiburua, klikatu bertan blogera sartzeko!
Giudari buruz hitzegitean (hemen) aipatu genuen hitzegingo genuela Glam-aren inguruan, eta blog hau musika estilo honetan aurkituko duzuen onenetakoa da. Frantziar orrialde honetan Glam-az gain, pub-rock-a, protopunk, powerpop... taldeak aurkituko ditugu, hau da, nolabait 70. hamarkadako kaleko rock'n'rolla aurkituko dugu. Estetikoki glam-aren bidea jarraitzen du, beti bootboy, smoothie, sharpie, skinhead, suedehead estiloak ere jorratuz.

Diskak aurkezterakoan ere "vintage" estilo oso zaindua
Ezagutarazten dituen talde guztiez gain guztiz gomendagarriak dira egiten dituen bildumak, doan deskarga daitezkeenak: Boot Power Vol.1etik 5era, Mob Rock (1970-1980) eta Sharpies Attack! Benetan ikaragarriak bilduma hauek. Gainera blogaren "vintage" diseinua eta irudia oso zaindua eta landua da, seguro gustuko izango duzuela, eman aukera bat!


Boot Power Vol.4-ren portada, "old school" guztiz!!




Crazee Kids

2011/12/19

Melodiaren zerbitzura


 Egoitz INGUNZA
Definitzen zaila den taldea da Inspection 12. Edo Inspection Twelve. Pop-punka hari narratibo bezala erabiliz, euren abestiei metal, jazz edota country ukituak sartzen jakin izan dute. Betiere, melodiak eta ahots-armoniak asko landuz.

The John Carver Band folk taldeari buruz egindako sarreran aipatu nuen Inspection 12. 1994ean, punk amerikarraren eztanda eman zenean, hasi zuten euren ibilbidea, The Abobinable Snowmen of the Himalayas 12 izenpean. Hasiera batean Lagwagon eta NOFX bezalako taldeetan oinarritu ziren.

Green Day taldearen jarraitzaileak ere izan direla ez dute inoiz ezkutatu. Horren isla, A Different Shade Of Green: A Green Day Tribute (2003) diskoan egindako F.O.D. abestiaren bertsioa. Piano eta guzti. Weezer Worry Rock-en bertsioarekin batera, diskoko bertsiorik onena.

Taldeak sei estudio disko kaleratu ditu. 1996ko Come, Hefe, Come! lanetik hasita (15-16 urte zituztela), 2003ko Get Rad-eraino. Bai konposizio aldetik, bai grabazio kalitate aldetik diferentzia nabaria dago hasierako lanetatik azken bi lanetara.




Aipatu behar da taldearen egitura ez dela beti trinkoa izan. Boskote bezala hasi ziren, baina arazo ezberdinek taldea mugatu izan du, eta hirukote moduan pasa dute denbora gehiena. Azkenaldian taldearen egitura trinkotu egin da eta lau lagunek osatzen dute.

Baina, zergatik ez dute lanik kaleratu 2003tik? Taldearen jarraitzaileek askotan egiten duten galdera da. Pete Mosely gitarristaren esanetan, “intentsitatea jaitsi dugu eta taldea orain hobby antzeko bat bihurtu da guretzat”.

2001eko martxoaren 6an gertatutakoak agian, zer ikusia izan dezake ere bai. Egun horretan, taldeko bateriajolea zen Scott Shad-ek diabete shock bat sufritu zuen gidatzen zegoela, eta zendu zen. Gertaera horrek taldea bertan bera uzteko zorian egon zen.

Bi hilabete geroago In Recovery LPa kaleratu zen. Diskoko azken abestia, Elegy, Scott-en omenez idatzi zuten:



Taldeak aurrera jarraitu zuen, baina urteetan ez dute askorik egiten. Gehienez, urtero, gabon aldera, kontzertu bat ematen dute Jacksonvillen, euren sorterrian.

Rocknrolla izateko gida

Julen BIGURI

(KONTUZ! HURRENGO ARTIKULUAN AGERTZEN DIREN PROPOSAMENAK ZUEN BIZITZAN EZ APLIKATZEA GOMENDATZEN DA)

Beste egunean, rock 'n' roll izarra izatea zer ote zen pentsatzen nengoela, Liam Gallagher etorri zitzaidan burura. Nor eta Oasis eta Beady Eye taldeetako abeslari hooligan polemikoa. Eta, segituan, hiru kanta bururatu zitzaizkidan: "Rock 'n' Roll Star", "Slide Away" eta Cigarettes & Alcohol". Hirurak talde britainiarraren Definitely Maybe (1994) diskan daude eskuragarri.


Hasteko, rock 'n' roll izarra nahi izan baduzu, harroputza izateari ekin behar diozu, lagunen baino etsaien bilduma aparta lortuz. Horretarako, polemiketan sartu behar zara. Oso garrantzitsua baita zure marka identitate oldarkorra sortzea. Ahal den neurrian jendea pikutara bidali eta munduko musikari onenena izendatu behar duzu zeure burua. Horretarako, "Rock 'n' Roll Star" kanta dugu, Oasis taldea famatua ez zen urteetan egindako aldarrikapen paregabea: "You're all in my hands. Tonight, I'm a rock 'n' roll star".

Ez ezazu ahaztu izarrek ere sentimenduak dituztela, nahiz eta sentimendu nazkagarriak izan askotan. Gizatasun minimo hori lortzeko "Slide away" kanta dugu adibide bikaina. Amodiozko abestirik onenetarikoa, baina rocknrollen harroputzkeria alde batean utzi barik: "Now that you're mine, I'll find a way of chasing the sun".


Eta, amaitzeko, ez dugu inoiz drogen mundu iluna ahaztu behar. Drogak, azken finean, errebeldeen ikurra dira musikare munduan. Haien kontsumoa sustatzea eta behin edo behin pasatzea onena izango da. Drogei eta alkoholari egindako oda dugu "Cigarettes & Alcohol".


Lagunik gabeko bizitza labur eta polemikoa opa dizut! Long live rock 'n' roll!

2011/12/18

Spaghetti western nostalgikoa

Julen BIGURI

Gustatzen zaigun nahaste borraste horietako emaitza da Danger Beach. Lachlan Thomas, Assassins 88 taleko sortzaileetako bat, gutterpunk-a alde batera utzi eta pop nostalgikoa lantzen hasi da. Hasierako xedea melodien bidez surferoen giroa lortzea bazen ere, spaghetti western-aren antzekoa lortu du. 

Milky Way diska.

Argitaratu duen diska bakarra, Milky Way bere etxeko logelan grabatu zuen. Hala ere, kalitate oneko abestiak atera dira grabazio horietatik. Ametsen mundu nostalgikoez jositako diska da emaitza. Kanten artean, "Apache" da onenetarikoa. Gainera, animaziozko bideoklip bikaina grabatu du Danger Beach-ek.



Diska hurrengo orrialdera igo du Lachlan Thomas-ek dohainik deskargatzeko:

2011/12/16

7. artea: Pulled Apart By Horses

Julen BIGURI


Gaurko honetan diskak alde batera utzi eta ikusentzunezko munduan sartuko gara, Pulled Apart By Horses-en bideoklipak aztertzen, alegia. Leedseko (Ingalaterra) taldeak post-hardcorea eta indie rocka nahasten ditu. Britainarrek album bakarra dute argitaratuta: Pulled Apart By Horses (2010) izenekoa. Hala ere, 2012ko urtarrilaren 23an Tough Love plazaratuko dela adierazi dute.

Hona hemen haien sei bideolipak, zein baino zein bitxiagoa:



"Meat Balloon" izeneko kanta honekin grabatu zuten haien lehen bideoklip ofiziala. Ikusten denez, estetika hardcorea lantzen dute, betiere umorearekin eta koloreekin jolastuz.



Biffy Clyro taldearekin egin zuten bira internazionalean Ferry batean bidaiatzen zeudela, "I've Got A Guestilst To Rory O'Hara's Suicide" abestiaren bideoklipa egitea bururatu zitzaien. Orduan, kamara hartu, mozorratu eta show-ari hasiera eman zioten. Emaitza: bideo barregarri eta entretenigarria.


Seguruenik, taldearen bideoklip onena da "Back To The Fuck Yeah"ren ikusentzunezko pieza. Edgar Allan Poeren estetika eta hardcorea batera datoz eskutik film honetan. El projecto de la Bruja de Blair pelikula burura datorkigu askotan muntaia zoragarri hau ikustean.


Niretzat diskaren kantarik hoberena den "High Five, Swan Dive, Nose Dive"ekin film bikaina sortu du britainiako taldeak. HDn hartutako bideo txiki ezberdinekin ia 3 minutuko artelana sortu dute. Kolorearen eta argiaren trataeraz gain, aipagarriena plano generalen eta plano oso hurbilen txandakatzea da. Gainera, irudien abiadura musika dramatizatzen du, gero eta abesti politagoa sortuz.


"Yeah Buddy"rekin bideorik bitxiena egin dute. Printzipioz loturarik gabeko irudiek muntai azkar eta harrigarria sortzen dute. Duda barik post-hardcore taldeak umorearekin planteatzen digu suntsiketaren inguruko bideoklip interesgarri hau.


Grabatu duten azkenengo bideoklipa da "I Punch A Lion In The Throat" abestiarena. Ikusentzunezko sei piezen artean txarrenetarikoa da, amateur eta irudi zikin ikutua dela eta. Noski, taldeak nahita erabili ditu errekurtso horiek, baina emaitza zalantzagarria da. Hala ere, txandakatzen dituen irudiak eta telebistaren ikutu hori izanda, batzuk gizartearen kritika polita ikusten dute, nahiz eta ez oso landua izan.

I've got metal fatigue...

Asier BREAKING RULES

Oso gustoko dudan abesti bat aurkeztuko dizuet, Blitz talde ingelesaren "Fatigue" abestia. 1980an Manchester inguruetan sortutatko talde honek punk musika bikaina egiten zueen, batzuetan azkarra eta makarra, beste batzuetan mantsoagoa... Estetikoki punk/skinhead talde hibridoa dugu, eta beraien musika bezala estetika "zikina" izango da, oso industriala.


Abesti hau 1983ko New Age singelaren B aldea da. Single-a Erresuma Batuko Indie zerrengako 4 postura iritsi zen. New Age izugarrizko abestia bada ere, esan bezala gaurkoan Fatigue aurkeztu nahi dizuet. Eta zer esan? Badakizue nola zegoen Ingalaterra: Tacther boterean, sindikatuen grebak, langileen egoera txarrera... itxaropenik ez zegoenaren irudipena azken finean. Blitz-ek, beraien letra bikainen bidez, berriro ere jakingo dute egoera hau errepresentatzen; fabrikek irentsitako gizarte bat isladatuko dute abesti honetan, makina bihurtutako gizakiaren bizitza.
Musikalki, esan daiteke Blitz esperimentatzen hasi zen unetzat har daitekeela hau, eta nire ustez, lan honetan lortzen dute emaitza honena. Piano izugarri batekin hasten da, eta bat-batean gitarra punteo zorrotz hori, baxua eta bateria bikainak... ileak puntan jartzekoa! Eta zer esanik ez abesten hasten denean! Abesti landua eta dotorea da, baina beti taldearen izpiritu makarra, industrial eta zikin hori galdu gabe. Punk-aren harribitxietako baten aurrean gaude duda gabe, bai musika zein letra aldetik. Jarraian uzten dizuet abestia eta letra, besterik gabe, gozatu!


Living your life by the minutes on your clock
Forgetting reality by a mental block
You can't stand this and you can't stand that
You also know where it's been but never where it's at
All you factory girls and you factory boys
Whose been winding you up like cheap little toys?

Don't you know you suffer from metal fatigue
Rust never sleeps in the minor league
This is the problem of iron and steel
When you are a cog in a clockwork wheel
You've set your own course down a well trodden path
And made you a cog when you want to laugh

I've got metal fatigue

2011/12/15

Folk-a floridar erara

Egoitz INGUNZA


Talde goxoa, lasaia da The John Carver Band. Jacksonvilletik (FL) datorren talde honek, akustikoa eta folka melodia minimalistekin uztartzen ditu. Beti ere, pop ikutua galdu barik.


Lau kidek osatzen dute taldea. Horietatik bi, Dan McLintock (gitarra, baxua eta ahotsa) eta Tim Grisnik (bateria eta perkusioa) Inspection 12 pop/punk banda ibilitakoak dira. Besteren batean hitz egin beharko dugu banda horri buruz.


Taldea orain pare bat urte sortu zen, McLintock Eric Dentonekin (gitarra eta ahotsa) batu zenean My Folks proiektua abian jartzeko. Garai hartan Bad Moves izeneko abestiaren (geroago JCBen discoan agertuko dena) bideo bat grabatu zuten, eta YouTube-era igo zuten.


Biren arteko proiektua zena, laukote bilakatu zen. McLintockekin Inspection 12en zebilen Tim Grisnik, eta Casey Teate (baxua eta gitarra) batu zirenean, alegia.

2010ean lehen lana kaleratu zuten. Hamar abestiz osaturiko diskoa. Melodia goxo eta ahots armonia bikainez betetako lanean, lehen aipatutako Bad Moves-ez gain, The Elephant Song edo Electric Sky bezalako perlak aurki ditzakegu.


Tamalez, ezingo ditugu Euskal Herritik gozatu. Talde nahiko "lokala" da eta Jacksonville ingurutik bakarrik ematen dituzte zuzenekoak.

Drogak, R&B, jazz eta minimalismoa

Julen BIGURI



Nu-jazz eta R&B-a nahasten dituen bikote britainarra da Wildcookie. Tru Thoughts diskoetxe independentearekin lan egiten dute Freddie Cruger eta Anthony Mills. Taldeak minimalismoa eta ambient-musika lantzen ditu droga ia gehienetan gaia izanik.


Drugs EP, taldearen lehen diska, argi eta garbi lantzen ditu drogen gaiak, batzutan gozoki moduan, eta tentazio bezala besteetan. Azkenengo diska, Cookie Dough, abesti lasaiak aurkezten ditu, gutxinaka entzulean extasian murgilduz. Klimaxera "Flashy, Flashy" eta "Heroine" abestiekin heltzea uste baino errazagoa da. 2011aren martxoan argitaratutako diskari buruz zeozer aipatzekotan "Heroine" singlearen bideoa da; drogari buruzko film bikaina.




Singlea dohainik deskargatu dezakezue wildcookie.bandcamp.com webgunean

Tyler The Creator, raperoen 'Sid Vicious'a

Julen BIGURI

Tyler The Creator

Beti esaten da edo gorroto edo maite duzula, ez ohi dago grisik zuri-beltz kontu honetan. Halakoxea da Tyler Okonma, Tyler The Creator moduan hobeto ezagutzen dena. Raperoen eszenatik kanpo gutxi batzuk baino ez dute gorroto. Beti polemiketan dago sartuta, eta ingelesa ez bada ere, Sid Viciousekin edo Liam Gallagherrekin behin baino gehiagotan parekatu dute.

Los Angeleseko Ladera Heights-en jaio eta bizi da, eta inguruko rapero polemikoekin batera sortu dute OFWGKTA, Odd Future moduan ezagutua den kolektiboa. Guztien artean ideologia hardcore eta punka lantzen dituzte letretan, noizean behin berba misoginoak eta arrazistak tartekatuz. Tylerren kasuan, fenomeno hori areagotzen da: The Fader aldizkariak 68 'bitch' kontatu zituen 73 minutuko Goblin diskan. Hala ere, Tylerrek arrazista ez zela adierazi du askotan, eta berari 'nigga' esaten diotenean ez zaiola axola baieztatzen du.

OFWGKTA rap kolektiboa, eskuman Tyler The Creator.

Polemika handiena interneten hasi zen Teagan and Sara taldeak -bi lesbianen artean sortutako indie musika taldea, emakumeen eta homosexualen aldeko gaiak jorratzen dituztenak- bere letrak kritikatu zituztenean. Tylerrek argi eta oldarkor erantzun zien: "Teagan eta Sarak zakila gogorra behar badute, deitu nazazue!". Adierazpen horiek bere maitale eta etsaiak erradikalizatu zituen.

Baina aipatzekoa da bere Goblin diska, argitaratu duen azken eta bigarren diska. Batez ere, "Yonkers" kanta, bideo ikaragarria zentzu guztietan. Entzun, eta gustatzen bazaizue, adi egon, bi hilabete barru Wolf diska plazaratuko da.


80.hamarkadara buelta

Egoitz INGUNZA
Cerebral Ballzyk apenas hiru urteko bizia dauka talde moduan. Egiten duten musika entzutean, ordea, 80.hamarkadako hardcore-punk talde amerikar bat dela ematen du. Izan ere, garai hartako jarraitzaile bezala definitzen dute euren burua.
Taldea, esan bezala, 2008an sortu zen, Brooklynen, New Yorken. Hardcore-punk azkarrean dira jaioak. Abesti laburrak, indartsuak eta mezu zuzenekoak. Dead Kennedysen oihartzuna nabaria da euren kantuetan.

Aurten, hiru EPren ostean, lehenengo long play-a kaleratu dute, taldearen izen berdina daramana. Hamabi abestik osatzen dute, eta ez da hogei minutuko luzeerara heltzen. Albumak publizitate handia lortu zuen Adult Swim telebista katean.

Cerebral Ballzy LPan bertan agertzen da hurrengo abestia, On the Run. Filmatzeko erabilitako filtroak, eta bertan agertzen direnen janzkerek ikutu retroa ematen diote bideoari. Cerebral Ballzyren musika bezalako ikutua.


Abenduaren 3an Bilboko Kafe Antzokian izan genituen, The Horrors taldearen telonero lanetan.

Giuda: Glam-a hilda omen zegoen!

 Asier BREAKING RULES


Zuetako askok entzunda edukiko duzue Glam-Rock bezala ezagutu zen musika motaz. 70. hamarkadan, rock musika psikodeliarako joera geldiezin batean zegoela, talde batzuek rock&roll-aren berezko freskura berreskuratzea erabaki zuten Erresuma Batuan. Slade, Gary Glitter, Sweet, Mott The Hopple... hainbat izan ziren estilo honen sorreran eragin zuten taldeak. Musikalki rock&roll purua, juergarako bikaina eta pixka bat makarra, non saxofoia, pianoa eta sintetizadoreak ere erabiltzen diren. Baina Glam-a aldebiko txanpon bat bezala ikus daiteke; eta alde batean musika badugu, beste aldean estetika probokatzaile bat izango dugu, sarritan anbiguetate sexualitatearekin jolasten, eta gaur egungo ikuspuntutik begiratuta guztiz hortera! Irudiei begiratu besterik ez dago: hurrenez hurren Sweet eta Slade-en pintak:


Beno, ba 70. hamarkadan aurrera egin ahala, glam-ak beste joera musikal batzuei eman zien paso. Hala ere, rock&roll-aren munduan betirako aztarna utzi zuen, hainbat estilok glam-aren iturrietatik edan zutelarik (punk-a, new wave, heavy metal, new romantics...). Aipatu behar da baita ere, glam-aren jarraitzaile asko bootboy delakoak zirela; hau da, lehen kazkamotz, mod, suedehead, etab. izandako gazte makarrak, futbolarekiko eta batez ere hooliganismoarekiko zaletasuna zutenak, hainbat abestitan nabaritzen dena. Gauza asko batera? Lasai lagunok, blog honen ibilbidean izango dugu beta glam-aren eta inguratzen duen guztiaren inguruan sakonago hitzegiteko...

Aipatu dut nolabait glam-a amaitua dela, baina hara non nire sorpresa post honi izenburua ematen dion Giuda talde italiarra aurkitu nuenean. Entzun eta berehala kriston zirrara sentitu nuen; "Behingoz norbaiti okurritu zaio glam-a hautsartetik ateratzea!". Eta ze modutan; izan ere, italiar laukote honek kalitate handiko rock&rolla eskaintzen du: ahots melodia bikainak, guitarra potenteak, baxua eta bateriaren erritmo bikaina... eta soinu oso setentero eta autentikoa! Estetikoki ere ez dira atzean gelditzen. Ez zaizkigu Slade-en pintekin etortzen, baina lehen aipatu dudan bootboy-en antzeko estetika erabiltzen dute: bakeroak bajuan buelta emanda, jaka bakeroak, jertseak, orrazkera... Bestalde beraien lanetako portadak ere denboran atzera bidaiaraziko dizute, eta egia esan, dibertigarri izateaz gain oso ondo eginda daude. Aipatutako kontu estetikoa ikusteko beraien Racey Roller LP-aren portada ikusi besterik ez dago:


Aipatu dudan Racey Roller da momentuz beraien lan luze bakarra, eta bertan besteak beste "Dont Stop Rocking", "Roll On" edo "Coming Back to You" bezalako rock&roll himnoak aurkituko dituzu, ezin ezer gehiago esan, entzun beharra duzue. Honetaz gain Get it over eta orain gutxi ateratako Number 10 7"-ak ere badituzte, hauek ere oso gomendagarriak. Ba nire partetik ezer gutxi gehiago; Giuda, haize fresko pixka bat underground eszenarentzat, eta ostia! benetan gustura hartzen da. Lehenago edo beranduago arrakasta izango dute, eta orduan zuen ama izango banintza bezala esango dizuet: "abisatu nizuen...". Beraz, hau gertatu aurretik emaiezu aukera bat!



2011/12/14

Father, Son, Holy Ghost eta indie-rock femeninoa

Julen BIGURI


San Frantzizkoko Girls taldeak bere bigarren diska plazaratu zuen irailan, Father, Son, Holy Ghost. Indie-rock femenino eta underground moduan definitzen dute haien burua, baina  The Beach Boys-en, Buddy Hollyren eta Elvis Costelloren kantak datorkigu burura haienak entzutean.



Diskaren izena nahiko polemikoa izan da, izan ere, Jaungoikoaren Semeak sektari egiten dio erreferentzia, eta horrek zabaltzen dituen ideiei. AEBtako sekta hippien eta kristauen artean sortu zen 1968an, eta iraultza pazifikoaren bidez kristauen printzipioetako batzuk zabaldu nahi dituzte. Kantak, ordea, hippien sentimenduak baino ez dute, ez baitira eduki sektarioetan murgiltzen.

Girls taldeko kideak: ezkerrean Chet "JR" White baxujolea, eta eskuman Christopher Owens abeslari eta gitarrajolea.


11 abestien artean, "Vomit" eta "Honey Bunny" dira nabarmentzen direnak. Lehenengoan, amodioaren eta etsipenaren inguruko balada indiea lantzen da, 1966ko Ford Mustang bati buruzkoa, hain zuzen ere. "Honey Bunny" kantan, berriz, nesken artean jainkosa aurkitzearen bidea deskribatzen ditu, oso erritmo rockanrolreroa erabiliz; bi aldiz entzun eta zaila izango da burutik kentzea.



Zoragarria da Girls bikoteak sortu duen diska, baina ez da aurrekoa bezain azkarra; eta ez da aurrekoa bezain iraultzailea. Haien diskaren bat erosi edo jaistekotan, lehena hautatu. Bada, Album izeneko lehen diskan "Lust for Life", "Laura" eta Hellhole Ratrace" abestiek klimaxera bidali ahal zaituzte. 

Hasi dira hotsak

Ixildu. Aditu. Entzun.
Hemen daude Euskal Herriko HOTSAK.

Proiektua hasi berri da, eta gure erronka EHko eta nazioarteko panorama musikalari buruz berri ematea izango da. Bai kontzertuen kronika eta agenda, bai berrien kobertura eta baita iritzi eta gomendioen bidez.

Webgune honetan, gainera, mainstream-etik at dagoen musika jorratuko dugu, kultura ez-komertzialari garrantzi gehiago emanez.

Gure xedea: euskarari indarra ematea kulturaren munduan.

Oihukatu. Irten. Irauli.
Entzun ditzatela Euskal Herriko HOTSAK.