2012/11/25

EP argitaratuko du Sigur Rósek

Sigur Rós talde islandiarrak EP bat argitaratuko du martxoaren 22an. Hiru abestik osatuko dute lan berria eta "Valtari" (2012) izeneko lan luzearen ondorengoa izango da. AEBko girara hurbiltzen direnek hiru abestiok dohainik deskargatzeko aukera izango dute.

Post-rock taldea Bartzelonako Sant Jordi Clubean joko dute otsailaren 16an. Sarrerak LiveNationen eros daitezke.

2012/11/07

Green Day BBK Live jaialdian izango da


Azken hilabeteetan askotan entzun den zurrumurrua gaur baieztatu da: Green Day Euskal Herrian izango dugu, BBK Live 2013 jaialdian. Last Tour Internationalek, jaialdiaren antolatzaileak, hala jakinarazi du bere web orrian.Talde amerikarrak aurten kaleratuko duen trilogia (¡Uno!, ¡Dos! eta ¡Tré!) aurkeztuko du Bilbon.

Kaliforniarrekin batera, uztailean Kobetamendin izango diren beste bost talderen izenak jakinarazi ditu antolakuntzak: Two Door Cinema Club, We Are Standard, Delorean, L.A. eta Delonteros. Taldeen izenak jakiten goaz gutxinaka. Guztira, zazpi baieztatuta daude dagoeneko: aipatutako seiak eta Depeche Mode, orain dela bi aste jakinarazitakoa.

Abenduaren 6tik aurrera eta hilaren 11rarte, eskaintza-bonua eskura daiteke BBKren  kutxazainetan, 91 euroren truke. Lehenengo 500ek 15 euroko deskontua izango dute.

2012/04/01

Bueltan da Sigur Rós




Egoitz Ingunza 
 
Sigur Rós talde islandiarrak abesti berria kaleratu du, Ekki múkk. Taldearen web orri ofizialean dohainik entzuteko aukera dago. Halaber, taldearen seigarren estudio lana izango den Valtariren argitalpen data maiatzaren 28an izango dela jakinarazi dute islandiarrek. Horrela, 2010ean aditzera eman zuten zehaztugabeko hiatoari amaiera emango dio taldeak.

Ekki múkk zazpi minutu baino gehiago irauten duen abesti minimalista eta ambientala da, Sigur Rósen soinuaren paradigma perfektua. Hala ere, Valtarin soinu berriak aurkituko ditugula komentatu dute taldeko kideek. Taldeko abeslari den Jónsik komentatu duenez, "lehen baino elementu elektroniko gehiago daude". Með suð í eyrum við spilum endalaust (2008) diskan erabili zituzten soinu akustikoetatik, beraz, aldendu dira. 

George Hólm baxujolea haratago doa: "Valtari, amaitu ostean, plazerragatik soilik entzun dudan Sigur Rósen diska bakarra da".

Abesti zerrenda ikusita aipatzekoa da abesti guztiak islandieraz izango direla, azken lanean ez bezala.

1. Ég Anda 
2. Ekki Múkk

 7:45 
3. Varúð

 
4. Rembihnútur 
5. Dauðalogn 
6. Varðeldur 
7. Valtar 
8. Fjögur Píanó

2012/02/27

Gizaki lotsatuen deiadarrak

Julen BIGURI



Animali lotsaturik ez zegoen atzo Bilboko Kafe Antzokian. Baina putzu ilunetako deiadar eta akorde bikainak entzun ziren. Kanpoan kontzertu zaratatsua eta oihuz betea izango zela zioen gazte batek, baina bagenekien zertara etorri ginen. Ikusleen artean, eta Bidehuts disketxeko ia musikari eta lagunen artean, musika grina sentitzen zen, urduritasun txiki bat. 22:00etan Jupiter Jon-en kideek hasiera eman zioten ikuskizunari. Erritmo biziz hasi ziren oihaneko narrazioekin: "Errege anfibio" eta "Stenway isats-pianoa oihanaren erdian".

(Jupiter Jon Kafe Antzokian, Noiz Agenda)


Taldekide guztiek Pleistozeneko astelehenak-eko abestiekin emanaldi paregabea eman bazuten ere, Joxe Caballero baxujolearen punteoak eta Aida Torresen erritmo eta kantu biziak izan ziren kontzertuko piezarik garrantzitsuenetarikoak. 


(Lisabö Kafe Antzokian, Noiz Agenda)


Ondoren Lisabö agertu zen eszenatokian, eta "Oroimenik Gabeko Filma" abestiko lehen akordeekin bereganatu zuten ikusleen gehiengoa. Gero, "Ez Zaitut Somatu Iristen" etorri zen, eta hurrenkera zorrotz bat jarraitzen ari zirela eman zuen. Hala ere, ez genuen diska bere ordenean entzun, Ezarian eta Ezlekuak disken kantu famatuenak interpretatu zituzten. Javi Manterola eta Karlos Osinagaren garrasi eta diskurtsoek emozioak piztu zituzten ikusleengan, agian Durangon eskaini zuten kontzertuan baino gehiago. Edo agian ez, batzuei Bilboko Kafe Antzokiaren "etxekotasunak" sortu zizkigun emozio horiek.



Emanaldia ezin hobeago amaitu zen, akorde gogor batzuen ostean ixiltasuna airean utziz. Ixiltasun krudel eta bitxia. Eta gero, txalo zaparrada. Barrezka eskertu zuen Karlos Osinagak ikusleen erantzuna, eta besterik gabe, amaitu zen kontzertua. Baina airean jarraitzen zuten gizaki lotsatuen deiadarrak. Edo gure lokatz-putzuetan barrena gora eta behera, ez nago ziur.

2012/02/14

Eskandinaviako pop koloretsua

Julen BIGURI


Iparraldean, hotz egiten duen leku horretan, gehienak errubioak diren lurraldeetan, Danimarkan musika elektronikoan trebeak dira, eta horren adibide The Asteroids Galaxy Tour da. The Ting Tings eskandinaviarra askorentzat, eta ska, pop eta psycodelia nahasten duten artistak besteentzat, famatu bihurtu dira kanpaina publizitario anitzen bidez.


iPhod Touchen kanpainarekin hasi zen haien gorakada, "Around the Bend" kanta erabili zutenean. Gero, Heinekenek erabili zuen "The Golden Age" abestia spot baterako, eta fan kopurua handitu zen. Hala ere, "The Sun Ain't Shining No More" kantarik onena dela esango nuke, eta ez zutela kontsumismo mundu horretan sartzeko beharrik, bakarrik lortuko zutela fama.


Berria, hala ere, beste bat da, bigarren albuma argitaratu berri baitute: Out of Frequency. Azken diska honek kanta elektroniko gehiago dakartza, askotan pop eta ska ikutuak atzean utziz. Beraz, The Ting Tings gustoko baduzue, azken diskarekin saiatu, eta indiearen amorratuak bazarie, Fruit diska entzun.


Eta danimarkako taldeak zer du beste taldeek ez dutena? Abesti Tarantinianoren bat, hortik nonbaitik, baina psycodelikoagoak, Kill Billen agian agertu ahal zitekeena. Azken finean, kolorea dute iparraldekoek, beste edozeinek islatu ezin dituzten koloreak, alegia.

2012/02/13

New Jerseyko zaratarik onena

Julen BIGURI


AEBko Atlantikoko kostan, zehazki, New Jerseyn, auzo aberatsen eta parke zabalen artean underground mugimendu handia dagoela esan da askotan. Guk Titus Andronicus taldearekin baieztatzen dugu hori. 2005ean sortu zenetik, 20 taldekide ezberdin izan dituztela esaten da ere, eta Liam Betson abeslariak "talderik monotonoena" dela dio barrezka.




Indie eta punk musika lo-fin jotzen dute, etsipenez garrasika batzutan, eta alaitasunez besteetan. Izena Shakespearen lan famatutik atera zuten, eta tragedia ezaguna komedia ezezagun bihurtzeko premia hartu zuten.





Hasieratik basakeriatzat hartu dute askok (Pitchfork aldizkariak adibidez) estatubatuarren musika, baina haiek harro daude "munduko talderik gogaikarriena" izateaz. Gainera, norbaitek "abortu sonikoa" zirela irakurri zutenean oso barregarria izan zela diote.




Duten diskografia luzetik album bakarra aukeratu beharko banu, The Monitor izango lirateke, taldearen zarata polit horren isladarik onena. Eta abestiren bat badago, sarrera honetan aurki dezakezuen lehen bideoa da: "No Future Part Three: Escape From No Future".



2012/02/12

7. artea: Die Antwoord-en bizarrismoa

Julen BIGURI


Die Antwoord (Erantzuna afrikaans-eraz) taldea hitz bakar batean definitzeko `bizarre´ hitza baino ez zait burura etortzen. Freakismoa, agian. Izan ere, Hegoafrikatik datorren hip hop taldeak oihartzun handia izan du ikusentzunezko munduan, onera eta txarrera begira. Hasteko, Yo-Landi Vi$$er, Ninja eta DJ Hi-Tek taldekideek afrikaans hizkuntzarekin jolasten dute, apartheidean sekulako indarra izan zuen hizkuntza. Gainera, hegoafrikarrek gizakiaren primitibotasuna aldarrikatzen dute, mugarik gabe askotan. Hori dena gangsta filosofiarekin nahasten dute, eta emaitza ikaragarria da.


"Zef Side" taldearen lehen hit-a izan zen, eta interneten gogor jo zuen. Askorentzat barregarria zena, arte iraultzaile hutsa zen besteentzat. Eta hortik jaio zen Die Antwoord, zibernauten polemiketatik. Bideo horretan gainera, hegoafrikako suburbioetako giroa ikusi dezakegu.


Dudarik gabe, estetika gangsta eta bizarro horren atzean, diseinu lan handia dago bideo honetan. Musika landuagoa ere agertzen zaigu, nahiz eta batzuk ez dugun hip hop mota hau gehiegi jasaten. Aipagarriena Leon Botharen agerpena da, progeria gaixotasuna zuen Lurmutur Hiriko artista famatua, urte bat pasata hil zena.Ikusentzunezko pieza honek sekulako oihartzuna izan zuen ere interneten, eta horren ondorioz Interscope Recordsekin sinatu zuten kontratua (Eminem, 50 Cent eta Lady Gagaren disketxea).


"Evil Boy" bideoan Wanga abeslari polemikoaren agerpena daukagu, adingabeen abusuari buruz kantatzen. Agertzen den estetika "Enter the Ninja" bideoaren antzekoa da, baina ilunagoa. Noski, interneten agertu zenean boom izugarria sortu zuen eta polemika anitz sortu zituen.



Taldearen azken singlea da "I Fink U Freeky", eta aurreko bideoen estetika ilun eta primitiboa jarraitzen du. Musikan melodia gehiago aurkitzen dugu, baina betiko ibilbidea jarraituz.




Azken bideo hau, "Umshini Wam", Harmony Korine zuzendari famatuak egin zuen 2010ean. Zuzendariaren ustez, "askotan Die Antwoordeko kideek animalien eta gizakien arteko mugarik ez dute ezagutzen, eta hori nire diskurtsoaren parte izan da beti".



Musika aldetik ez nuke taldea aipatu ere ez egingo, baina taldeak sortu duen oihartzuna eta estetika ikusita, Die Antwoordek bere lekua hartu duela esango nuke, eta eroso baino erosoago ibiliko direla leku ilun eta bizarro horretan.