2012/02/27

Gizaki lotsatuen deiadarrak

Julen BIGURI



Animali lotsaturik ez zegoen atzo Bilboko Kafe Antzokian. Baina putzu ilunetako deiadar eta akorde bikainak entzun ziren. Kanpoan kontzertu zaratatsua eta oihuz betea izango zela zioen gazte batek, baina bagenekien zertara etorri ginen. Ikusleen artean, eta Bidehuts disketxeko ia musikari eta lagunen artean, musika grina sentitzen zen, urduritasun txiki bat. 22:00etan Jupiter Jon-en kideek hasiera eman zioten ikuskizunari. Erritmo biziz hasi ziren oihaneko narrazioekin: "Errege anfibio" eta "Stenway isats-pianoa oihanaren erdian".

(Jupiter Jon Kafe Antzokian, Noiz Agenda)


Taldekide guztiek Pleistozeneko astelehenak-eko abestiekin emanaldi paregabea eman bazuten ere, Joxe Caballero baxujolearen punteoak eta Aida Torresen erritmo eta kantu biziak izan ziren kontzertuko piezarik garrantzitsuenetarikoak. 


(Lisabö Kafe Antzokian, Noiz Agenda)


Ondoren Lisabö agertu zen eszenatokian, eta "Oroimenik Gabeko Filma" abestiko lehen akordeekin bereganatu zuten ikusleen gehiengoa. Gero, "Ez Zaitut Somatu Iristen" etorri zen, eta hurrenkera zorrotz bat jarraitzen ari zirela eman zuen. Hala ere, ez genuen diska bere ordenean entzun, Ezarian eta Ezlekuak disken kantu famatuenak interpretatu zituzten. Javi Manterola eta Karlos Osinagaren garrasi eta diskurtsoek emozioak piztu zituzten ikusleengan, agian Durangon eskaini zuten kontzertuan baino gehiago. Edo agian ez, batzuei Bilboko Kafe Antzokiaren "etxekotasunak" sortu zizkigun emozio horiek.



Emanaldia ezin hobeago amaitu zen, akorde gogor batzuen ostean ixiltasuna airean utziz. Ixiltasun krudel eta bitxia. Eta gero, txalo zaparrada. Barrezka eskertu zuen Karlos Osinagak ikusleen erantzuna, eta besterik gabe, amaitu zen kontzertua. Baina airean jarraitzen zuten gizaki lotsatuen deiadarrak. Edo gure lokatz-putzuetan barrena gora eta behera, ez nago ziur.

No hay comentarios:

Publicar un comentario