2012/01/07

2011eko gomendioa: Ainara LeGardon

Julen BIGURI

Atzean, izkiñan, poltsiko txikiren batean edo sorbaldan laga dugun azken urte honek bizipen asko utzi dizkigu, eta baita artelan zoragarriak ere. Orain, aldapa neketsu eta polit honetan, atzera egin nahiko nuke, eta 2011ko diskoren bat gomendatu. Ez da erreza, ez. Baina guztien artean hauxe da, barneko emozioz josita, sentipen gehien dakarrena niretzat: Ainara LeGardonen We once wished.


Urte askotan ibili da Ainara hortik hara; hemendik gutxi pasatuz. Eta gerizpetan musikarekin jolasten egon dela badirudi ere, gogor bueltatu da Euskal Herriko eszenatokira. PJ Harvey eta Audience-n arrastoak ditu Aloud disketxearekin argitaratutako azken diska honek. Albuma osatzeko Héctor Bardisaren laguntza  izan du, eta kolaborazioen artean Jason Victor (Willard Grant Conspiracy), Hannot Mintegia (Audience) eta Rubén Martínez (Tokyo Sex Destruccion) aurkitzen dira.


Diskako kanta guztiak barne-barnetik bideratutako emozioak askatzen ditu. Muzikaliak egin zion elkarrizketa batean azaltzen ditu abestien esanahiak. Ainararen baitatik barneratzen ditugu guk azkenean orbanez beteriko sentipen guzti horiek. Ez da harritzekoa, beraz, Ainarak zuzeneko gogorrak ematea, momentuan esan beharreko guztia esanez.


Kanta aipagarrienak "Before waking up" eta "Thirsty" dira. Lehena, zuzenekoetan entzun beharreko abestia da, ixilaldien gordintasunaz askoz gehiago gozatzeko.

Besterik gabe, hau da nire ustez 2011ko diska. Bere emozioen osotasunagatik, batez ere.

No hay comentarios:

Publicar un comentario